Elorrioko eta Durangoko bonbardaketako biktimak gogoratu ditugu


2022/04/01


1937ko Martxoaren 31n, Elorrioko eta Durangoko herriak bonbardatu zituzten hegazkin italiarrek. Biktimak gogoratzeko bi herrietan antolatu diren ekitaldietan parte hartu du Gerediaga Elkarteak.

Eguerdian, Laumunarrieta 1937 Elkarteak eta Elorrioko Udalak antolatuta, lore-eskaintza izan da elkarte memorialistaren egoitzako horma-irudi aurrean. Lore-erramua utzi dugu Gerediaga Elkartetik biktimen oroimenez.

Arratsaldean, Durangon, Kriskitin dantza taldearekin batera, Durangoko Andra Mari elizpean Durangon hildakoei egin zaie omenaldia. Aurtengo ekitaldian, hobi komunetan ehortzitako biktimen oinordekoek parte hartu dute, Gerediaga Elkarteak eta Durango 1936 Kultur Elkarteak egindako ikerketen haritik.

Azpimarratzekoa da, bestetik, Durangoko bonbardaketen gaineko argitalpen berria. Jon Irazabal elkarteko bazkideak idatzi du: "Durango, 1937ko Martxoak 31, Bonbardaketa". 10 eurotan salgai izango da Durangaldeko ohiko saltokietan.