Hitzarmen garrantzitsua sinatu dugu Durangaldeko Mankomunitatearekin


2022/06/29


Durangaldeko ondare historikoa, soziala eta kulturala sustatzeko lankidetza hitzarmena sinatu dugu bi erakundeok. Ekitaldia Astola auzitegi-etxean egin da eta eskualdeko hainbat udaletako ordezkariak izan dira.

Sinatutako hitzarmenaren helburuetako bat urtea amaitu arte Gerediaga Elkartearen aldeko proiektuak egiteko diru-laguntzaren baldintzak arautzea da. 2022. urtean 10.000 euroko laguntza jasoko dugu.
Laguntza horrek elkarteak dituen hainbat egitasmo aurrera eramatea ahalbidetu du: eskualdeko ondareari buruzko kultur jarduerak antolatzen jarraitzeko, bisita gidatuen programan sakontzeko, Astola aldizkariaren bitartez ikerketa lanei zabalkundea emateko, eta urteroko argazki zaharren egutegia eta Durangaldeko argitalpenek azokan leku berezitua izateko. Gainera, ikerlari gazteen saria ere lehenengoz antolatu ahal izan dugu.
Elkartearentzat garrantzitsua da horrelako hitzarmen bat sinatzea. Eskualdean eta eskualderako egiten dugun lanaren aitortza delako batetik, eta helburu amankomun batzuk konpartitzen ditugunaren adierazgarri ere bai.
Hasitako bidean sakontzen eta egiasmoak zabaltzen joateko asmoa ere agertu dugu, Mankomunitatearen laguntzarekin eta parte hartzen duten udalekin.
Harremana zaharra
Gerediagaren eta Durangoko Amankomunazgoaren harremana hasieratik egon da. 1966an Merinaldeko alkateen bilera bat izan zen Gerediagako foru-zelaian, orduko Gerediaga Elkarteko kideek sustatuta, eta bilera hura izan zen, gero, 1970ean, pauso sendoagoak emango zituen Mankomunitatea sortzeko hazia. Beraz, sorreratik Gerediaga Mankomunitatearen alboan izan da.
Urteetan, egoitza ere konpartitu izan dugu: Astolako auzitegi-etxea.
Dena dela, 1996an etorri zen lankidetza estuagoa. Marian Larrauri Mankomunitateko presidente izan zenean, Durangaldeko argazki zaharren urteko egutegia argitaratzeko proiektuari ekin genion. Eta horrekin batera, Durangoko Azokan Durangaldeko argitalpenek stand propioa izateko aukera ere bermatu zen.