Ignacio Ansorena Olazaranen bildumako argazkiak erakutsiko ditugu Plazara! ekimenean


2023/05/18


Argazkilari durangarraren familiak 10.000 irudi baino gehiago utzi dizkio Gerediaga Elkarteari. Irudiak digitalizatu eta Ignacio Ansorena Olazaran funtsa sortuko dugu dokumentategian.

 

Ignacio Ansorena Olazaran durangarra otsailaren 5ean zendu zen. Ez zen ofizioz argazkilaria, baina argazkiz inguratuta bizi zen. Sabino Ansorena aitaren ogibidea zena bere afizio nagusia izan zen. 70eko hamarkada hasieran, Bartzelonan argazkigintzari buruzko ikastaro baten trebatu zen argazkilari modura. Argazkiak egiteaz aparte, argazki zaharrak ere biltzen zituen. Era horretan, Durangoko bizimodua erakusten duten argazki zaharren bilduma handienetako bat izan da berea. Argazkiak, paperean, diapositibatan, negatiboetan eta kristalezko plaketan gorde izan ditu. Orain, familiak Gerediaga Elkartearen esku utzi ditu irudiak, bere izena izango duen funtsa sortu, digitalizatu eta argazki zaharrei egitasmo ezberdinen bidez zabalkundea emateko.
XIX. mende amaierako argazkiak dira bildumako zaharrenak, Sabino Ansorena aitak ateratakoak. Ignacio Ansorenak berak 60ko hamarkadatik aurrera osotu zuen bere bilduma. Durangoko egunerokoari ateratzen zizkion argazkiak, Durango herriko ohiko txoko, bazter eta lekuei, ekitaldiei, pertsonei… Gainera, argazki zaharretako pertsonak identifikatzeko lana ere hartu zuen. Herriko nagusienen eskutik izenak ipini zizkien argazkietako lekuei eta pertsonei.
Durangoko Udalak astebururako antolatu duen II. Plazara ekimenean erakutsiko ditugu Ignacio Ansorena Olazaran funtsa izango diren argazkietako batzuk, asko sekula erakutsi gabekoak. Urte amaieran, gainera, 2024ko Egutegia berari eskainiko dio Gerediaga Elkarteak

Argazkiak Plazara!
5-10 minutuko argazki proiekzioa eskainiko dugu larunbat goizean, apirilak 22, Ezkurdin, 11:00etatik 13:00etara. Ignacio Ansorena Olazaren funtseko argazkiekin batera, Gerediaga Elkarteko dokumentategiko argazki artxiboko beste hainbat argazki zahar ere erakutsiko ditugu.

*Argazkia: Sabino Ansorena argazkilaria, Ignacio Ansorena Olazaranen aita 1920ko hamarkada amaieran.