“Iurreta Askatu” dokumentala ikusgai San Migel jaietan


2024/09/26


GARAIA, Durangaldeko ikus-entzunezko biltegiko ikus-entzunezkoak ezagutzera emateko ekitalditxoa antolatu du Gerediaga Elkarteak Iurretako jai batzordearekin batera. Horretarako, irailaren 30ean, astelehena, arratsaldeko 7:30ean, Goiuria Kultur Gunean, orduerdiko emanaldia prestatu dugu.

Ikus-entzunezko bi emango dira: “Iurreta Askatu” (Juanjo Lopez, 1985) eta 1987ko San Migel jaietako irudien aukeraketa bat.

GARAIA sendotzen

Apurka-apurka, Durangaldeko ikus-entzunezkoen biltegirako ikus-entzunezko gehiago eskuratzen ari gara.

Dagoeneko izenburu berriak sareratu ditugu. Tartean, Iban Gorritik kazetari durangarrak ekoiztutako ikus-entzunezko laburrak.  Garaia atarian erakusgai jartzeko honako sei dokumental-labur utzi dizkigu: “Kantatzen ez duen herria herri hila da”, “Oroitzapenak (Acordes para la memoria) (Amorebieta-Etxano)”, “Durango 1937”, “Últimas mujeres supervivientes”, “Bajo el árbol de Gernika” eta “31 VIDAS · El homenaje”

IKB (Informazioa Komunikazioa Bideoz) ekoiztetxe elorriarrak ere bere ikus-entzunezko funtsa utzi du Gerediaga Elkartearen esku. Mila bat artxibo jaso ditugu. Irudi gehienak, Elorrion grabatutakoak dira, baina badira eskualdeko beste herri batzuetan egindako grabaketak eta muntaiak. Besteak beste, lanean artean daude “Elorrio, amodio kanta” bideo promozionala, Otxandioko Astikurutz elurtegiari buruz “Orbelaren soinua” dokumentala eta  Elorrioko Lagun Toki elkartearen enkarguz bere 50. Urteurrena ospatzeko egindako dokumentala. Kasu honetan, GARAIA biltegin titulu bakar batzuk daude. Gainontzekoak, landu ahala igoko ditugu.

IKB ekoiztetxea Xabier Iñarrairaegi Solozabalek eta Karlos Eriz Arandok sortu zuten 1994an. Publizitatea, dokumentalak, bideoklipak ekoiztu izan dituzte eta enpresa zein instituzioetarako artxibo lana egin dituzte. 2015ean enpresa ixteko erabakia hartu zuten.  20 urteetako materiala orain, Gerediaga Elkartearen artxiboaren esku utzi dute.