Jesus Astigarraga zendu da, Gerediaga Elkarteko sortzaileetako bat


2022/11/08


Gaur zendu da Jesus Astigarraga, 90 urterekin. Orain dela sei egun zendutako Leopoldo Zugazarekin eta beste 11 lagunekin batera, Gerediaga Elkartearen sortzaileetako bat izan zen. Itzalean lan asko egin izan duen pertsona izan da Jesus.


1932ko otsailaren 23an jaio zen. Aparejadore ikasketak egin eta, amaitutakoan, Durangoko udaletxeko bulego teknikoan hasi zen lanean. 70 urterekin jubilatu zen arte lan egin zuen bertan.
1965ean, Gerediaga Elkartearen sorreran parte hartu zuen. Elkartearen hasierako urteetan oso baliotsua izan zen Jesus Astigarragak egindako lana, beti diskrezioz. Elkartean bakarrik ez, Durangoko Kurutziaga Ikastola sortzen ere bere ekarpena handia izan zen. Eta Leopoldo Zugazarekin batera, Hitz liburudendaren sortzaile ere izan zen.
Ez zen omenaldi eta ekitaldi jendetsuen zalea. 2015ean, Durangoko Azokan “Argizaiola saria” eskaini genien Gerediaga Elkarteko sortzaileei, eta oholtza gainean ikusi ahal izan dugun une bakarrenetakoa izan zen. Geugan bego Jesus!