Jon Irazabal omenduz gogoratuko ditugu Martxoaren 31ko biktimak


2025/03/30


Herritarrek bitimei egiten dieten aitortza eta oroimen ekitaldia Martxoaren 31n, Andra Mariko elizpean, 19:30ean hasita egingo da, 1937ko bonbardaketen 88. urteurrenean. Gerediaga Elkarteak eta Kriskitin dantza taldeek antolatutako ekimena da, Durangoko udalaren laguntzarekin.

Aurten, berezia izango da bi arrazoi tarteko: oroimen ekitaldiaren 25. urteurrena delako eta Jon Irazabal elkarteko kidea eta bonbardaketaren ikerketa zabalena egin zuen pertsonari omenaldia egingo zaiolako (abuztuan zendu zen). Joni omenaldia eginez, 1937ko hondamendia bizi izan zuten eta biktima izan ziren guztiei egingo diegu aitortza.

Durango 1936 Kultur Elkarteak urteetan batu eta orain GARAIA Durangaldeko ikus-entzunezkoen biltegian (garaia.gerediaga.eus) dauden lekukotza batzuk berreskuratuko ditugu ekitaldian, eta tartean, Jon Irazabalen testigantza ere eskainiko dugu: bonbardaketen ikerketa nola hasi zuen, zein oztopo bizi izan zituen edota oroimen ekitaldia egiteko arrazoiak zeintzuk izan ziren.

Ez dira ekitaldian eskainiko diren irudi bakarrak izango. Urte hasieran irudi historiko batzuen berri izan genuen. William Randolph Hearst kazetari amerikarraren ehundaka grabazio ezezagun digitalizatu eta argitara eman ditu Kaliforniako Los Angeles Unibertsitateak. Espainiako gerra zibilari buruzko irudiak dira. Grabazioetan eguneroko bizitzako uneak eta tropen mugimenduak erakusten dira.

1937ko udaberrian grabatu eta orain arte ikusi gabeko irudiak ere erakutsiko ditugu oroimen ekitaldian, Durango, Amorebieta eta Gernikako irudiak. Bonbardaketak Durangon eragin zuen triskantza erakusten dute. Irudi mutuak izan arren, asko esaten dute.

Ekitaldia Irene Garitagoitia Beitia durangarrak aurkeztuko du. Ekitaldiko musika Ander Erzilla durangarrak jarriko du eta Xabier Amuriza eta Izaro Erzilla izango ditu lagun kantu banatan. Ohorezko dantzak Kriskitin dantza taldearen eskutik izango dira.

ARGAZKIA: 2024ko Oroimen Ekitaldian Jon Irazabal publiko artean.