Jose Antonio Azkorbebeitia “Azkorbe”, beti laguntzeko prest egon den bazkidea


2022/12/16


Denbora gutxian agur esan digun Gerediaga Elkarteko hirugarren kide esanguratsua izan da Jose Antonio Azkorbebeita, elkartean ezagutu izan dugunontzat “Azkorbe”. Ez zen izan Gerediaga Elkartearen sortzailea, baina ia hasieratik, gazte-gaztetatik izan da elkarteko kide.

60ko hamarkadan, eskualdeko hainbat pertsonek gau eskoletako alfabetatzeko maisu bezela gogoratuko dute. Euskal Herrian argitaratzen ziren aldizkarietan ere Durangaldeko kronista lanak egin zituen.
Gerediaga Elkarteko zuzendaritzako kidea izan zen 80ko 90eko hamarkadetan. Elkartearen biziraupenerako urte zailak izan ziren eta orduko beste kide batzuekin batera, bere ahalegina ezinbestekoa izan zen. Elkarteko “ohorezko” bazkide izan da.
Abadiñarra, Mendiolakoa, dantzaria eta dantzazalea izan zen. Bere jaioterriari lotuta, “Mediolako eskolaren historia” eta “Abadiño ezagutzen” liburuak idazten parte hartu zuen.
Euskal Artzain Txakurren elkarteko zuzendari izan zen eta Euskal Herriko Artzain Txakur txapelketetako arduraduna ere bai. Gerediaga Elkarteak txapelketak antolatzeko ardura izan zuen urteetan, Lazaro Milikuarekin batera antolatzaile lanetan ibiltzen zen aurretik eta txapelketa egunetan Euskal Telebistarako komentarista. 2018ko txapelketan, Gerediaga Elkarteak egindako lan guztia eskertzeko omenaldia egin zion.
Gerediaga Elkarteak antolatzen zituen ekimenetan beti izaten zen laguntzen edo parte hartzen: batzar nagusietan, azokako erakusmahaiko txandetan, hitzaldietan…

 

Argazkian: 2018an, Gerediaga Elkarteak Euskal Herriko Artzain Txakur Txapelketak antolatzen egindako lanagatik omenaldia egin zion. Asun Elorriaga zuzendaritzako kideak oroigarria eman zion.