Nestor Basterretxeari eskerrak emateko keinuz beteta izango da Durangoko Azoka


2024/12/02


Nestor Basterretxea artista bermeotarra jaio zela 100 urte bete dira 2024an. Euskal Herrian hainbat erakusketa eta ekitaldi izan dira bere lana gogoratu eta artista bera omentzeko. Durangoko Azokan ere hainbat izango dira horretarako momentuak.

Dagoeneko, Durangoko Arte eta Historia Museoan, “Nestor Basterretxea: Diseinatzaile grafikoa eta ilustratzailea” izeneko erakusketa zabalik dago. Datorren urteko otsailera arte izango da bermeotarraren 50 lan baino gehiago ikusteko aukera, euretako asko sekula erakutsi gabekoak.

Museoan bertan, gainera, azoka egunetan bisita gidatuak egingo dira. Horietan parte hartzeko durangomuseoa.eus webgunean izena eman behar da. Gainera, abenduaren 7an, 12:30ean, museoan Katrin Alberdi Egües Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak hitzaldia emango du.

Esker on ekitaldia

Abenduaren 7ko Durangoko Azokako egitaraua, Landako Guneko areto nagusian Nestor Basterretxeari omenaldi txiki bat eginez hasiko da. Gerediaga Elkarteak artistaren familiakoak eta urte honetan bera omentzeko ekitaldiak antolatu dituzten erakundeetako ordezkairak gonbidatu ditu ekitaldira. Goizeko 10:30ean izango da.

Besteak beste, Gerediaga Elkarteak urtero argitaratzen duen Astola aldizkarian ere badu bere lekua Nestorrek. Garazi Arrizabalaga Durangoko Museoko zuzendariak artistak Durangaldearekin izan duen harremana deskribatu du ikerketa artikulu baten. Gainera, Astola aldizkariko azalean Nestor bera da protagonista. Aldizkaria eta erretratu hori jasoko dute opari artistaren etxekoek esker on ekitaldian.