Zaldibarko Bitor Garitaonandia ezagutzera ematen duen ikerketa izan da irabazlea
2025/07/02

Durangaldeko Ikerlari Gazteen laugarren deialdiak badu irabazlea. Pello Zabarte Narbaiza zaldibartarrak irabazi du Bitor Garitaonandia zaldibartarrari buruz egindako ikerketa lanagatik. “Bitor Garitaonandia. Euskal Pizkundean dagokion lekuaren bila” izenburua dauka aurkeztutako lanak.
Aurtengo edizioak kopuruan eta kalitatean emaitza onak izan ditu. Guztira, eskualdeko 35 urtez azpiko zortzi ikertzailek aurkeztu dute euren lana eta ikerketa gai ezberdinak izan dira. Hori ikusita, saririk jaso ez duten egileei, hurrengo urteko Astola aldizkarian euren lanak argitaratzeko aukera proposatuko zaie eta Astola aldizkariko erredakzio kontseiluak aztertu dezan baimena eskatu zaie.
IKERKETA IRABAZLEA
Bitor Garitaonandia Ariño XX. mendearen lehenengo herenean jardun zuen idazle, dramaturgo, musikari, kazetari eta elizgizona izan zen. Askotariko diziplinak jorratu zituen, guztietan euskararen eta euskal kulturaren sustapena helburu. Euskararen estandarizazioaren eztabaidan ere ekarpen esanguratsua egin zuen. Euskal Pizkundea mugimendu sozial eta kulturalaren kide zen zaldibartarra. Ikerketa honek Garitaonandiaren bizitza eta obra argitara ekarri nahi du, egin zuen ekarpenak orain arte izan duen aitortza baino handiagoa merezi duela iritzita. Durangaldean bertan ezezaguna den horrek, Euskal Herri osoan ezaguna izateko balioa duen lana egin zuelako
Edizio honetako epaimahaia Irune Ruiz Taglek, Iruri Altzerreka Martinezek eta Libe Solagaistua Zabalak osatu dute. Euren iritziz “lan sakona eta irakurterraza” da. Gainera, “metodo biografikoa darabil bestelako ikuspuntu gaurkotu batetik. Euskararen bultzatzaile izan zen Durangaldeko figura historiko ezezagun bat azaleratzen du, oso modu dibulgatzaile eta hezitzailean”.
SARI BANAKETA EKITALDIA BISITA GIDATU ETA GUZTI
Pello Zabarte Narbaizak bere jaioterrian jasoko du saria, uztailaren 12an. Hain justu, Durangaldeko ondarea eta historia ezagutzera emateko bisiten programan, Zaldibarko herria izango da protagonista egun horretan. Bitorren antzera, askorentzat Zaldibar udalerri ezezaguna da, baina ondare aldetik eta historikoki aberatsa.
Bisita goizeko 11:00etan hasiko da eta aukera egongo da gainera, orain arte itxita egon den ospitale psikiatrikoko kaperan sartzeko. Kapera horretako margoen kalitatea kontuan hartua “Durangaldeko kapera sistinoa” modura definitu izan da inoiz lekua. Bisitaren azken zatian, Bitor Garitaonandia gogoratzeko elizako plazan dagoen bustora gerturatuko gara eta sari irabazlearen eskutik lan irabazlearen zertzelada nagusiak entzungo ditugu eta 1500 euroko saria jasoko du. Datorren urtean, gainera, Astola aldizkarian argitaratuko dugu bere lana.
Sariketa Gerediaga Elkarteak antolatzen du, baina Durangaldeko Amankomunazgoak diruz laguntzen du. Mankomunitateko ordezkariak ere bertan izango dira uztailaren 12an.
Bisita gidatuan izena ematea doakoa da. Hala ere, Gerediaga Elkartean aurretik izena ematea derrigorrezkoa da: gerediaga@gerediaga.eus / 946818066
Goiko argazkia, 1955.urtekoa da, Bitor Garitaonandiaren omenez herriko elizako plazan ipini zen bustoaren inaugurazioan. Argazkia Balendin Lasuen funtsekoa da (Gerediaga artxiboa)