Jose Inazio Alberdi hil da, 70eko hamarkadan Gerediaga elkarteko lehendakari izandakoa
2025/12/01
* Goiko argazkian, Alberdi ezkerrean, Balendin Lasuen eta Sabin Goikoleagaz batera
1972tik 1979ra bitartean Gerediaga elkarteko lehendakari izandako Jose Inazio Alberdi hil zen zapatuan, 84 urte zituela. Besteak beste, 1968an, Gerediagaren babespean Ermuan eginiko Euskara Batuaren inguruko lehen jardunaldietan parte hartu zuen. Gainera, Durangoko Azoka Andra Maritik merkatu plazara igaro zeneko sasoia bizi izan zuen elkarteko lehendakaritzan egon zenean. Gobernadore Zibilaren traben eraginez egin zuten lekualdaketa, eta azokaren ibilbidean etapa berri bat zabaldu zen.
Izan ere, garai hartan ez zen erraza euskal kulturaren aldeko ekimenak aurrera ateratzea. 1976an ere, Franco hil eta hilabete batzuetara, Urkiolan antolaturiko Euskal Jaietan gatazka sortu zen. Oraindik legeztatu barik zegoen ikurriña, eta jaien lehen egunean, ekainaren 26an, arbola batetik zintzilik agertu zen. “Guardia zibilek dena erregistratu” eta ikurriña eroan zuten, baina jaiak ez ziren eten, Alberdik Hamabi harrien ahotsa liburuan kontatu zuenez. Hurrengo egunetan ere tentsioa izan zuten. Benito Lertxundi, Xabier Lete, Gontzal Mendibil eta beste hainbat artista esanguratsuren emanaldia programatu zuten, eta Hidalgo kapitainaren esanetara zeuden guardia zibilak bi tanketarekin igo eta kontzertua egiten ari zen lekua inguratu zuten. Mehatxuak mehatxu, azkenean kontzertua egitea lortu zuten.
Madrilen epaitua
“Gerediagak, gauzei buruz jakin gura izateko ausardia izan zuen", Alberdiren esanetan. Kulturaz gainera, eskualdeko nortasuna eta antolamendua ere bultzatu zituzten. 70eko hamarkada hasieran, Durangaldeko hiri antolamendurako planak garatu zirenean, informazio bilketak, aurkezpenak eta batzarrak sustatu zituzten Gerediagako kideek, plan horiek eskualdearen etorkizunean zuten garrantziaz jabeturik. Ermuaren txanda heldu zenean, Gobernadore Zibilak ez zien parrokian biltzeko baimenik eman. Batzarraren egun eta leku berean futbol taldekoak elkartu ziren, eta haiek Gerediagakoak zirela uste izanda, Alberdiri 10.000 pezetako isuna ezarri zioten. Gainera, Madrilen epaitu zuten, TOP edo Ordena Publikoko Epaitegian. “TOP epaitegi politikoa zen, bi urte inguru eskatzen zituen, eta hori asko zen, baina eskatzen zuten isuna ikusita… ia hobea zen kartzelan denbora gehiago egitea eta isuna murriztea. Gaur egunetik ikusita barrea eragiten du, baina orduan…”. Azkenean, “akusazioak ez zuen inor aurkeztu, gu ikusi gintuela esan zuen guardia zibila be ez, eta fiskalak, egoeraz lotsatu eta libre uztea eskatu zuen”, gogoratu zuen Alberdik.