Durangoko Azoka anitza, gaztea eta fantasiaz beterikoa izango da!


2023/11/22


Durangoko Azoka fantasia hutsa da, sormenaren eztanda magikoa delako, euskal kulturaren jai ikaragarria delako eta amets egiteko espazio bizia delako. Aurtengo edizioan ere horrela izango da, abenduaren 6tik 10era bitartean. 265 ekitaldi egongo dira aukeran, eta 950 nobedade eskura.

Beñat Gaztelurrutia Gerediagaren koordinatzaileak ilusioz berba egin du aurkezpenean, eta euskal kulturaren alde elkarlanean aritzeko prest daudela adierazi du. “Euskarak eta euskal kulturak gizartearen babesa behar dute, azken boladan euskalgintzak ohartarazi bezala. Bultzada emateko norabidean lan egin dezagun denok, gure fantasia gau bateko amets zaputza izan ez dadin”.

Aurtengo Durangoko Azoka mamitsua izango da, aktuala, bogan dauden joerak jasoko dituena. Guztira, 265 ekitaldirekin gozatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. “Egitarauaren ezaugarri bi nabarmenduko nituzke: anitza eta gaztea”, azaldu du Gaztelurrutiak. Anitza, askotariko estilo eta gaiak topatu ahal izango direlako. Eta aurtengo azoka gaztea izango da, inoiz baino jarduera gehiago izango direlako gazteek sortuak eta gazteentzat pentsatuak. Hain zuzen ere, haiei eskainiko zaie abenduaren 8ko eguna, Gazte Eztandaren bigarren edizioarekin. 

INFO+