Durangoko kanposantuan bonbardaketan ehortzitakoen 25 familia aurkitu dira
2022/01/13
- Durangoko bonbardaketan hilobi komunetan lurperatutako biktimak identifikatzeko ikerketa burutu dute Gerediaga Elkarteak eta Durango 1936 Kultur Elkarteak, Durangoko Udalaren babesarekin eta Gogora Institutuaren diru-laguntzarekin
- 84 pertsonen zerrendatik 51 lagunen izen-abizenak identifikatu dituzte hiru hilabeteko ikerketa lanean
- Memoria historikoan sakontzeko Durangoko Udalean sortutako lantaldearen lehen emaitzetako bat izan da.
Durangoko udalaren babesarekin, Gerediaga Elkarteak eta Durango 1936 Kultur Elkarteak burutu dute ikerketa udazkenean. Hilobi komunetan ustez lurperatuta dauden biktimen identifikazioan sakontzea eta familiartekoak aurkitzea izan da helburu nagusia.
Ikerketaren abiapuntua 84 pertsonen erreferentziak dauzkan zerrenda izan da. Durangoko kanposantuko erregistro liburutik kendutako orrietan jasotako zerrenda dela uste da eta hilobi komunetan lurperatutakoak agertzen dira (ez beti izen-abizenekin)
Ikerketaren zailtasunetako bat hori izan da: lurperatutako guztiek ez dituztela izen-abizenak izan. Gudari batzuen kasuan, plaka zenbakia baino ez da egon erreferentzia moduan, eta beste batzuetan, pertsonaren lanbidea.
Zerrendako 51 pertsonen kasuan, lekukotzek garrantzia handia izan dute. Erregistro zibilean aurkituko dokumentazioak, parrokia liburuetako erreferentziak eta gudarien batailoietako nominak ere lagungarri izan dira.
Hiru hilabeteko ikerketa lanean, landa-lana Jimmi Jimenez historialari durangarrak egin du. Ikerketa-gai izan den 84 laguneko zerrendatik 51 pertsonen izen-abizenak lortu dira, horietako batzuetan txarto zeudenak zuzenduta. Gainera, horietako bi, 40ko hamarkadan lurpetik atera zirela baieztatu ahal izan da. Biktima horien 25 familia aurkitzea ere lortu da. Joan den abenduaren 22an, horietako batzuekin bilera egin zen ikerketaren nondik norakoak azaltzeko.
Identifikatutako 51 biktimen artean, 34 gizonezkoak dira eta 17 emakumezkoak. 10 pertsona 15 urtetik beherakoak dira. Jatorriari dagokionez, 25 pertsona Durangaldekoak eta beste 26 kanpokoak dira. Eta biktima zibilak 31 eta gudariak 20 dira.
Ikerketak zabalik jarraituko du, izaera honetako lanek fruituak emateko denbora behar izaten dutelako. Gainera, hasitako ikerketak lan sakonago baterako ildoak ere zabaldu dituela adierazi dute elkarte biek.
Joan den urtetik Durangoko Udalean memoria historikoan sakontzeko sortutako lantaldearen lehen emaitzetako bat izan da ikerketa. Bestea, Durangoko Udalaren eskariz Gogora Institutuak emandako baimena: 1937an hilerrian hilobiratutako biktimak bilatzeko prospekzioa lanak.
Aurten 85 urte beteko dira bonbardaketak gertatu zirela eta lantaldeaz harago, herriko beste eragile batzuen laguntza izango dute oroimen ekitaldiak antolatzeko.
IKERKETAGAI IZAN DEN EHORTZIETAKOEN ZERRENDA