Leopoldo Zugaza zendu da, Gerediaga Elkartea eta Durangoko Azokaren sortzaileetako bat


2022/11/03


Gizon nekaezina izan da Leopoldo. 90 urterekin zendu da azaroaren 2an, eta azkenera arte, ekin dio kultur ekintzaile izaera galdu barik. Udazken honetan Gerediaga Elkarteak argitaratu duen Astola urtekariaren 16.zenbakian argitaratu dugun elkarrizketan argi nabari da bere izaera nekaezina.


Durangaldeeko hainbat kulturzalerekin batera Gerediaga Elkartea sortu zuen 1965ean, tartean orain dela urtebete zendu zen bere emaztea Carmen Miranda Zelaieta ere bazegoen. Bere izan zen Durangoko Azoka antolatzeko ideia eta Carmen emaztearekin batera Euskal Herriko argitaldariak banan banan konbentzitu zituen.
1970ean, Durangoko Udal kultura aretoa sortu eta Ezkurdi aretoa Euskal Herriko abangoardiak lanen erakustoki bihurtu zuen (Astola urtekariaren 13. zenbakian irakurri daiteke gaiaren gaineko erreportajea), hamarkada batzuk beranduago Durangoko Arte eta Historia Museoa sortzeko ere hazia izan zen. Beranduago, Zarauzko Photsomuseuma ere bere seme kutuna izan zen.
Labayru Institutuko, Euskal Herriaren Adiskideen Elkarteko eta Eusko Ikaskuntzako kide ere izan zen Zugaza. Bere ibilbidean sari ugari jaso ditu. 2015ean, Gerediaga Elkarteko sortzaileen eman genien Argizaiola saria jaso zuen eta urte berean Sabino Arana saria. 2016an Espainiako Urrezko Domina Arte Ederretako Merezimenduari, eta 2020an Eusko Jaurlaritzak Gure Arte asaria eman zion.
Azken urteetan herriko beste hainbat kulturzalerekin “Vector” izeneko kultur elkartean murgilduta ibili da Durangon. Bere berbetan, “gauzak egitea baino gauzak egin daitezela sustatzea” da elkartearen helburua.