Mendiolako 100 urteko auzo eskolako argazkiak Dokumentategian


2024/05/27


Asteburuan, Abadiñoko Mendiola auzoko eskolaren mendeurreneko ospakizunak izan dituzte. 1923-1924 ikasturtean zabaldu zuten Mendiolako auzo eskola. Julene Azpeitia eta Feliziana Astorkia izan ziren lehenengo maistrak. Mendiolako eta inguruko auzoetako hainbat ikasle joan zen eskolara alfabetatzeko asmoz, 1987ra arte. Urte horretan bertan, 1987an, eskola zarratu egin zuten. Lehengo eskola zaharrean Errekatxo elkartea dago gaur egun, eta mendiolarren elkargune izaten jarraitzen du.

Elkarteko kideek sustatuta eta auzokideen laguntzarekin, argazki bilketa jarri zuten martxan orain urtebete inguru. 275 argazki baino gehiago batu dituzte eta argazkiak Gerediaga Elkartearen webgune honetako "Dokumentategian" erakusgai jartzeko fitxak ere elkartekoek osatu dituzte. Asteburuko ospakizunetan, horietako asko, Mendiola auzoan atondutako erakusketan ikusgai izan ziren.

Argazkiez aparte, laster, asteburuko ospakizunetan bertaratu zirenek ikusi ahal izan zuten “Errekatxo baten ondoan” dokumentala ere ikusgai izango da. Garaia ikus-entzunezkoen biltegian – webgune honetan – bistaratuko da etorkizunean (oraindik data zehazteko).