Alejandro Landaburu Elgiazu
Alejandro Landaburu Elgiazu 1906ko abuztuaren 11n jaio zen Elorrion. Bost neba-arrebetan zaharrena zen. Argazkigintzan noiz hasi zen ziurtasunez jakiterik ez dago, baina hogeiko hamarkadaren bukaeran izan zitekeela erakusten dute hainbat gertaerek.
Aita gurdi-egile eta mekanikoa zen, eta bere anaien antzera, Alejandrok ere automoziorako zaletasuna zeukan. Horregatik Elorrioko bainuetxera joaten ziren aristokrata-familien txofer moduan lehenengo eta taxi-gidari gero lan egin zuen. Bere gidari-lanei esker ezagututako familia aberatsen baten eraginez piztu ahal izan zitzaion argazkiekiko zaletasuna. Bestela, Durangoko Foto Germanen argazki jardueratik.
Gerra zibila hasi zenean, Alejandrok, ideologiaz tradiziozalea, “Radio Requeté de Campaña” konpainian izena eman zuen. Sukaldaria izan zen frontean, baina argazki-kamera eraman zuen berekin eta Karlisten aldeko fronteko argazkiak atera zituen.
Ez zuen kalean argazki-dendarik jarri. Bezeroak etxera joaten zitzaizkion, General Mola kaleko (gaur egun Buskantz kalea) 2. zenbakira. Hainbat formatuko argazki-kamerak erabili zituen. Hasiera batean, monumentuen bistak kristalezko xafletan egiten zituen, baina segituan tamaina erdiko zeluloidea erabiltzen hasi zen. Formatu hori eta 35 mmkoa txandakatzen zituen Leica kamera mitikoarekin hasieran, eta Kodaken Retinarekin gero. Elorrio gaitzat hartuta postal-bilduma interesgarri bat egin zuen, zuri-beltzean, eta ondoren eskuz margotuta, garai haretan ohitura zen bezala.
Alejandro Landabururen funtsa orain arte haren iloba Pilar Landaburuk eta bere semea Francisco Javier Iruarrizagak gorde dute. Doantzan jasotako materialaren artean daude, aipatutako postal-bilduma, kristalezko plakak, 120 mm eta 35 mmko negatiboak, 35 argazki album eta 4 argazki kamera.





